146 etxebizitza Danobat-en

Etxebizitza askea/ Azkoitia, 2008

Eremua A.U. 8 “Danobat” izeneko bizitegi-area berrian dago, Urola ibaiaren ertzean, udalerriko alde zaharraren ondoan.

146-viviendas-en-danobat_00

Obra mota Etxebizitza askea
Jabetza Landu Promozioak
Herria Azkoitia
Probintzia Gipuzkoa
Obra amaiera urtea

2008

Aurrekontua -

Eraikinak profil mailakatua du, eta “L” baten itxura du. “L” horrek gora egiten du; hau da, alde batean, beheko solairu bat eta beste lau solairu ditu, eta bestean, beheko solairu bat eta beste zortzi solairu. Tarteko zatian, berriz, seigarren solairua atzera eraman da, eta bi isuriko estalkia du.

Beheko solairua inguruko eremu publikoen kotaren arabera egokituz doa, eta, beraz, haren altuera aldatu egiten da, goiko solairuak berdintzeko. Goiko solairu ia guztiak etxeak dira; atikoan dauden etxe horietako batzuk teilatupeko espazioa hartzen dutenez, duplexak egin dira.

Guztira, sei atari daude, eta horietan daude banatuta aipatutako etxeak, bakoitzak dituen berezitasunetara egokituta; atari bakoitzean, lau etxe daude solairu bakoitzeko, 1., 3. eta 4. atarietan salbu, azken horietan hiru etxe baitaude solairu bakoitzeko.

Etxeek orientazio bakarra dute, izkinan daudenek izan ezik; horiek bi aldeko orientazioa dute. Proposatu den etxe-tipologiaren ondorioz, etxeetako gela batzuk horma-artearen ardatzean egin diren patioen bidez aireztatu behar dira.

1. atariak sestra gaineko BS+4 profila du, eta goiko aldean, estalki laua, ez ibiltzekoa.

2., 3., 4. eta 5. atarien profila honako hau da: BS+6+teilatupea. Atari horietako seigarren solairua atzera eraman da beheko solairuen fatxada-lerroarekin alderatuz, eta solairu horietan duplexak egin dira; etxe bakoitzaren barruan, eskailerak jarri dira, goian dagoen solairuarekin lotzeko. Zati horretan, eraikinak bi isuriko estalkia du.

6. atariak sestra gaineko BS+8 profila du, eta estalkia laua da; bertan, igerilekua dago.

Eraikinak, halaber, aparkalekuak ditu sestra azpiko solairuetan; sarbide bakarra dago bi noranzkoetarako 6. atariaren muturrean, aldapa “zirkular” baten bidezkoa, hain zuzen.

Garaje-plaza gehienak itxiak dira, behar besteko neurriak ez dituztenak salbu, horiek irekiak baitira; garajeei lotuta trastelekuak daude.

Beheko solairuan, 3 metro zabaleko ataripea dago; bertatik, lokal komertzialetan eta atarietan sar daiteke. Lokalak eraikin osoaren azpian daude, eta erdian dagoen plazatik ere sarbidea dute.

Etxe guztiak kontuan hartuta, hamar etxek bi logela dituzte, seik lau logela, eta gainerako ehun eta hamar etxeek hiru logela.